Garai ilunak datoz. 2008ko krisiaren kolpea asimilatzen ari ginen honetan, krisi berria dugu ate-joka eta esperientziak erakutsi digu nork ordaintzen dituen kalte-ordainak, herri langileak hain zuzen. Etxe kaleratzeak, soldata murrizketak, gosea, errepresioa eta beste hainbat bidegabekeri bizi izan ditugu azken urteotan, putzura eraman gintuztenak erreskatatuak ziren bitartean. Kapitalismoak kondenatzen gaituen etorkizun krudelari soilik geure burua antolatuz egin ahalko diogu aurre, herriak bakarrik salba dezakeelako herria.
Helburu honekin batu gara Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Galdakao, San Miguel, Zaratamo, Ugao eta Zeberioko hainbat kide, Batu Elkarlaguntza Sarea sortuz.
– Gizarte arazoei erantzun integrala emanez: Klase-egitura, patriarkatua eta arrazismoa dira, gure ustez, egungo arazo sozialen oinarria. Horiek gainditzea da, beraz, injustizia soziala gainditzeko bidea.
– Hankak lurrean: Nora goazen bezain argi dugu non gauden; egungo testuingurutik abiatzen gara. Herritarren egungo bizi baldintzak hobetzeko lan egingo dugu, zein mundu berri baten eraikuntzaren bidean.
– Instituzio zein alderdiekiko autonomia: Era ezberdinetako harremana garatu daiteke instituzio zein alderdiekin, baina sarearen autonomia politikoa oinarrizko bermea da.
Sareren logika bi punturen gainean sortu da, sarearen jarduera osoa zeharkatu eta norabidetuko dutenak: bizi baldintzen defentsa eta komunitatearen eraikuntza. Horien baitan, lantalde ezberdinak osatu ditugu, gai zehatzak jorratuko dituztenak.
Lanari ekiteko lantalde ezberdinak sortu dira bakoitzak bere esparruan elikatu ditzan guztiona den proiektu hau.
Bi izango dira lan esparru nagusiak; etxebizitza eta elikadura. Egoera orokorraren islada zein ondorio nagusi diren bi arazo hauei erantzuna ematea helburu izango dute lantalde hauel.
Emakume talde bat ere egongo da sarean, egindako lanketa guztietan ikuspegi feminista txertatzeko helburuarekin.
Aurreko lantaldeetaz gain, formakuntza landuko duen talde bat eta komunikaziorako lan taldea ere egongo dira.
Sarearekin lan egin nahiko bazenuke aipatu ditugun arazoetakoren bat bizi duzulako edo bertan lan egin nahiko bazenu gure helburuak konpartitzen dituzulako, jarri harremanetan 654821486 zenbakiarekin edo [email protected] helbidearekin. Bestalde gure inguruko berriak jasotzeko jarrai gaitzazue sare sozialetan @batuelkar edo gure web orrialdean www.batuelkar.eus.